Izokin arrunta (Salmo salar) —hainbat hizkuntzatan Atlantikoko izokina ere deitua— Salmonidae familiako arraina da, Ozeano Atlantikoan eta bertara isurtzen diren ibaietan bizi dena. Migratzaile anadromoa da: umeak marroi pikartak dira, eta, jaio ziren ibaian 1-3 urtez bizi ondoren, itsasora migratzen dute. Helduek bizkarraldea urdinkara eta sabelaldea zurixka dute, eta, itsasoan 1-3 (5) urtez elikatu eta gero, sortu ziren ibaira itzuli eta han ugaltzen dira.
Itsasoan bizi diren izokin helduek, eta ibaietara iritsi berriak direnak ere, bizkarralde zilar kolorekoa, tanto beltz bakan batzuekin apaindua, eta sabelalde zurixka dute. Handienak 150 cm luze eta 46 kg izatera iristen ahal badira ere[1] gehienean askoz txikiagoak dira:
Izokinkumeak marroiak dira, tanta beltz eta gorriekin. Itsas aldera abiatu baino lehen, ordea, azalaren kolorea urdin bihurtzen zaie.
Bere jatorrizko banaketak Ozeano Atlantikora isurtzen duten ibai gehienak hartzen zituen, Hudson (Ipar Amerika) eta Miño (Europa) ibaietatik iparrera, Itsaso Baltikoa eta Kolako penintsula barne.
Euskal Herrian zenbait izokn populazio dago Gipuzkoako zein Lapurdiko ibaietan; Bidasoan, Orian, Urumean eta Atturrin besteak beste.
Hego Hemisferioko zenbait tokitan sartua izan da: Argentina, Australia, Txile eta Zeelanda Berrian[2]
Izokinkumeek intsektuak (Ephemeroptera, Trichoptera, Diptera), moluskuak, krustazeoak eta arrain txikiak jaten dituzte. Itsasoan, berriz, krustazeoak (izkirak, anfipodoak, krilla), txipiroiak eta arrainak janda elikatzen dira. Dena dela, izokina handitu ahala jatekoa aldatuz doa. Faroe Uhartetako itsasoan, esate baterako, lehenbiziko urtean anfipodoak eta arrain txikiak (Myctophidae, Paralepididae) jaten dituzte batez ere. Izokin handiek (itsasoan hiru negu edo gehiago eman dutenek) arrain handiak jaten dituzte gehienbat[3].
Izokinak, itsasoan barrena ibilaldi luzeak egin ondoren, jaio ziren ibaietara itzultzen dira ugaltzera. Sorlekuari dioten fideltasun honi ingelesez homing deitzen zaio. Ibilbidean orientatzeko hainbat elementu erabiltzen dituzte: ilargiaren edo eguzkiaren kokapena, grabitate eremuak, itsaslasterrak, uraren gazitasuna eta, ibaiaren bokaletik hurbil direnean, usaimena. Antza denez beren ibaiaren usaina, edo beharbada ibaian diren izokinena, ezagutzeko gauza dira[4].
Ur gezan sartzen direnean jateari uzten diote eta ibaian gora abiatzen dira. Udazkenaren amaieran, azaro eta urtarrila bitartean, ur emaria gehitu eta tenperatura jaisten denean, erruteko sasoia iristen zaie. Orduko arrak eta emeak oso itxuraldaturik egoten dira. Emeak azalean hainbat orban beltz eta gorrixka izaten ditu eta sabelaldea handitua. Arrak, bizkarrean eta saihetsetan orban gorriak izateaz gain, barailak luzatuak izaten ditu eta behekoa era ikusgarrian kakotua.
Orduan, arreske dagoen emeak arrautzak uzteko leku egokia bilatzen du. Toki horiek errunlekuak dira eta hainbat baldintza behar dituzte:
Emeak, errunleku egokia aukeratu ondoren, buztanari eraginez zulo bat egingo du eta bertan laranja koloreko arrabak egotziko ditu; arrak bere espermaz ernalduko ditu. Berehala, emeak, buztana astinduz, errekarriz estaliko ditu. Horrela jarraituko du emeak arrautza guztiak (1500-2000 pisatzen duen kilo bakoitzeko) errun arte. Askotan ar bat baino gehiago saiatzen da arrautzak ernaltzen. Izokinkume (parr) batzuk itsasora joan baino lehen sexualki helduak izaten dira eta, beraz, arrautzak ernaltzeko gai[6]. Ugalketaren ostean arrak, ahulduak eta babesik gabe, hilko dira. Gutxi dira itsasora bueltatzen direnak.
Izokinkumeak arrautzetatik ateratzeko 400-450 gradu/egun behar dira. Esaterako, ura 5 °C-tan badago, 80 egun beharko dira, baino 8 °C-tan badago 50 egun aski izango dira[7]. Jaio ondoren, errekarrien artean babesturik, bitelo-zakuko erreserbetatik elikatuko dira.
Bitelo-zakua galtzen duenetik itsas aldera migratu arte, izokinkumeak hiru fase igaroko ditu[4]:
Smolt-ak udaberri amaieran eta udan (zenbat eta iparralderago, beranduago) ur gezatik irten eta Ipar Atlantikoko bazkalekuetara joaten dira. Udaberriko uraldietan jaisteak harraparietatik babesten baditu ere, itsasoratu eta lehenbiziko hilabeteetan izaten da post-smolt-en heriotza-tasa handiena.
Post-smolt-ek nahiko bizkor migratzen dute Ipar Atlantikora. Adibidez, Hego-Ingalaterran markatutako izokinkume bat hiru hilabete geroago Norvegiako Itsasoan, 2.000 km iparraldera, atzeman zuten. 60ko urteetatik itsas zabaleko arrantzak, markatze kanpainekin batera, izokin handien hedapenari buruzko informazio ugari eman du. Arrantzaleku nagusiak Groenlandiako mendebaldean eta Norvegiako Itsasoan (Norvegia, Faroe Uharteak eta Islandiaren artean) zeuden. Groenlandiako mendebaldeko itsasoan Kanada, Britainia Handia (Eskozia batez ere), Irlanda eta, gutxiago badira ere, Hego-Europako izokinak bazkatzen dira. Norvegiako Itsasoaren iparraldean, berriz, Norvegia, Britainia Handia, Suedia eta Errusiako ibaietan sortutakoak[3].
Izokin hazkuntza XIX. mendean hasi zen, baino orduko helburua izokinkumeak (parr-ak) produzitzea zen, gero ibaietara botatzeko. Izokin handien ekoizpen komertziala Norvegian hasi zen, 60ko urteetan. Harrezkero produkzioa ikaragarri handitu da: 2007an, mundu osoko haztegietan, 1.400.000 tona izokin baino gehiago produzitu zen. Ekoizle handienak Norvegia, Eskozia, Irlanda, Faroe Uharteak, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak (ipar-ekialdeko kostaldea) eta Australia (Tasmania) dira[8].
Haztegietatik ihes egiten duten izokinek hainbat kalte egiten diote basaizokinari: lehia, kutsadura genetikoa eta baita eritasunak eta parasitoak (Itsas zorria, Lepeophtheirus salmonis, esate baterako) kutsatzea ere.
Azken 30 urteotan basaizokinak beherakada handia izan du eta, bai Europan, bai Ipar Amerikan, hegoaldeko populazio gehienak egoera larrian dira. Iparraldeko populazioak egonkor daude eta tarteko latitudetan gainbehera doaz. Beherakada honen arrazoiak hauek dira: uraren kutsadura, ibaietan uharkak egitea, ur-emariak agortzea, gehiegizko arrantza eta izokin haztegien eragina[3].
Garaiko agiri eta testigantzen arabera Erdi Aroan Kantauri Itsasora isurtzen duten Euskal Herriko ibai guztietan izokinak bizi ziren. Gaur egun, ordea, Aturri, Errobi, Urdazuri eta Bidasoan baino ez dira ugaltzera sartzen. Urumea eta Oria ibaiak izokinez birpopulatzeko ahaleginak egiten ari dira.[9]
Izokin arrunta (Salmo salar) —hainbat hizkuntzatan Atlantikoko izokina ere deitua— Salmonidae familiako arraina da, Ozeano Atlantikoan eta bertara isurtzen diren ibaietan bizi dena. Migratzaile anadromoa da: umeak marroi pikartak dira, eta, jaio ziren ibaian 1-3 urtez bizi ondoren, itsasora migratzen dute. Helduek bizkarraldea urdinkara eta sabelaldea zurixka dute, eta, itsasoan 1-3 (5) urtez elikatu eta gero, sortu ziren ibaira itzuli eta han ugaltzen dira.